XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hots haundia da, eta harrigarria, elizaren espazio nagusian bere egilegoa ageri ez dela.

Bere atzetik noa.

Sarrera nagusiaren eskubitako edo epistola aldeko kapilan, Amabirjinarena hain zuzen, emakumezko eta gizonezko talde bat, denak adinekoak eta heldu helduak, haiek gehiengo direla, ari da otoitzean.

Abesten ari dira. Abesti luzea.

Kapilaren burnizko atearen kanpoko aldetik, zutik bi gizonezko daude, aldarera begira.

Bata, adinekoa, atearen kontra ia ia; bestea, heldua, sarrera nagusiaren eskubi aldeko atetik hurbil.

Honen eskubiko alderaino iritxi, eta bertan aldarera begira gelditzen naiz.

Gizonezko heldu honek berehalaxe ihes egiten du, eliza aurrekaldera, epistola ondora.

Gero zer egin duen ez diot begiratu.

Kapilaren ebanjelio aldetik bederatzi lagun, sei emakumezko eta hiru gizonezko, zutik denak, kanpoko jantzi normalakin, buruan mantalinarik inork ez darama, eskuetan inork errosariorik ez daramala iruditzen zait, nahi dudan era osoan behaketa egiterik ez baitaukat, behatuen begiak iadanik nireganaino iritxiak bait dira eta; epistola aldetik zortzi lagun, sei emakumezko eta bi gizonezko, emakumezko bat eserita sila indibidualean, burnizko atetik hurbil, kanpoko jantzi normalaz, emakumezkoek ez daramate mantalinarik, eta beste ezaugarririk inori ez diot ikusten.

Bi aldetikakoak, hilaran, orma kontra, Amabirjinari eta elkarri begira daude, beraz, zeharkaka.

Eskubikoan edo epistolakoan, hilararen buruan eta bukaeran gizonezko biak daude.

Bestekoan, nahiko aurrera xamar daude gizonezkoak.